|
Zer jan

Ajoarriero
Nafarroak ez du
itsasorik, gutxigatik. Horregatik ez dugu arrain plater
handirik. Nafarroako sukaldaritzan gehien erabiltzen diren
arrainak bakailao lehorra eta amuarraina dira.
Ajoarrieroa bakailao gezitua eta apurtua, piper gorriak
eta tomatearen nahaste modukoa da. Iruzurgileren batek patata
ere jartzen dio. Platerean jatekoa bada ere, kriston merienda
izaten da zezenketara ogitartekoan eramateko.
Ogitartekoan janen baduzu, garrantzitsua da konfiantzazko
norbaitek egindakoa izatea, zeren bestela, eztarrian hezur
bat gelditzen ahal baitzaizu zeharka, hortzetarako zotza
jan izan bazenu bezala.
Bakailaoa oso ongi gezatua ez badago eta zezenketara ogitartekoan
badaramazu, kriston mozkorra harrapatuko duzu
.
|
|
Zer edan

Garagardoa
Oso edari estimatua
bero egiten duen egunetan. Kalimotxoa bezala, Jende gehienak
Katxietan eskatzen du, litro ¾ko plastikozko edalontzi
handia. Benetan zerbezak eta diren zerbeza motak maite badituzu,
ez ezazu eskatu garagardo katxirik garagardotegia ez den
lekuan.
Sanferminetan edan ohi den kupeleko garagardoa urtearen
beste edozein egunetakoa baino txarragoa eta garestiagoa
izaten da. Gainera, kupeleko garagardo txarrak buruko mina
ematen du, neuri behintzat, eta batzuetan usai txarra izaten
du.
|
|
Sanferminetako jendaila
Jainkotiarrak
Entzierroan korritzen
duten adituak izaten dira. Bi motatakoak daude: betidaniko
anonimoak eta entzierroko Michael Jacksonak. Anonimoek aingeruek
bezala lasterka egiten dute zezenen adarren aurrean. Badute
halako bokazio transzendentala eta txikitatik ehundaka karreratan
ibiliak dira.
Showmenak ongi korritzen dute, baina kirol marka
baten propaganda duen txandala ekartzea besterik ez dute
behar. Gainerakoa introspekzio eta luzamendu saioak izaten
dira goizeko 6etatik entzierroaren ordura arte. Ondoren:
gosaldu, telebistan agertu diren ikusi, eta etxean bildu
biharamunera arte.
|