'Eguzkia ere altxatzen da' eta Hemingwayren epika

José María Romera

Sekula haren libururik irakurri ez duten Hemingwayren jarraitzaileak (eta aurkakoak) ugari dira. "Jendeak nire garrantzia handitzeko eta nire esanahia gutxiesteko joera izan du beti" , zioen atsekabez nobelagileak berak. Ez da pertsonaiak obra ezkutatzen duen kasu bakarra. Abenturazalea, gonazalea, erdi-basatia, bidaiaria, errifle tiro batez bere buruaz beste egin zuen Ernest Hemingwayren inguruko mitoa bere lanen balio literarioa estali duen zulo bihurtu da. Analisi biografikoak (bere eleberrietako gutxik ez dute bere bizitzatik ateratako elementurik) analisi literario hutsen gainetik jartzen dira eta harengana hurbiltzen direnek hutsuneak eta gorabeherak dituen bere estiloaren edertasunaz, kontatzeko moduaz eta eraikin literario itzelaz merezi bezala ohartzen uzten ez duen modu okerrean interpretatzen dute.

Eleberriren batek horrelako oker ulertzeak jasan izan baditu, Eguzkia ere altxatzen da izanen da. Are gehiago Iruñean, non irakurleek irakurketa topografiko eta kazeta izaerakoa egitera jo baitute, Hemingwayk San Fermin jaiak erakusten eta kontatzen izandako fideltasunaren neurriari soilik erreparatuz. Nahiago dute Montoya pertsonaia txikiagoa (egiazko Juanito Quintana hotelaria) Jake Barnes protagonista baino; kontakizunaren barneko zezenketaren zeregin sinboliko eta mitikoa ahaztu egiten da Juan Belmontek edo Pedro Romerok (Cayetano Ordóñez, El Niño de la Palma, egiaz) eleberrian kontaturiko faena horiexek egin zituzten eztabaidatzeko. Eta bertako idazle hoberenek ere -Ángel María Pascual, kasu-, Eguzkia ere altxatzen da eleberriari sinesgarritasuna kendu diote bezperak santuaren prozesioarekin nahasi edo Oroquieta deiturako piroteknikari bati Orquito izena jarri izanagatik.

Helburuok aldatu egin beharko genituzke eta Eguzkia ere altxatzen da , Sanferminetako nobela gisa hartu beharrean, aparteko eleberri autonomo gisa hartu beharko genuke, hau da, Iruñea eta Sanferminak material literarioak (bere esperientzia pertsonaletik hartuak, hori bai), fikzio narratiboan gertaerei fideltasuna izatea ezinbestekoa ez duten arauekin bat etorriz birlanduak, biltzen dituena. Hemingway ez zen Iruñeko Udalak hiriko jaiak sustatzeko kontrataturiko turismo agentea izan. Eta Eguzkia ere altxatzen da eleberriak Sanferminak mundu osoan ezagun egin daitezen lagundu badu, eta, horren ondorioz, kalte ala mesede egin dien, asmo handiko eleberri eder eta zentzu askotan eredugarri baten balio artistikoetatik at jarri beharreko kontuak dira. Halaxe ulertu dute kritikari askok (gazteleraz El Canon Occidental izenburuarekin itzulitako lanaren autorea, eleberri hau aztertzeko liburu bat idatzi duen Harold Bloom, besteak beste) eta ez irakurle gutxik: berriki egindako galdeketa masibo batean sailkaturiko XX. mendeko ehun eleberri anglosaxoi hoberenen artetik, Ernest Hemingwayren bi nabarmendu dira: Eguzkia ere altxatzen da eta Armei adio , hurrenkera horretan.

Eguzkia ere altxatzen da
lanaren argumentua ezaguna da: Parisen bizi diren gazte batzuk (iparramerikarrak gehienak) Nafarroara etortzea erabaki dute arrantzan aritzeko, San Fermin jaiak ezagutzeko eta ferietako zezenketetara joateko. Jake Barnes, kazetaria, Robert Cohn, nobelagile eta zaletasunez boxealaria, Bill Gorton, idazlea hura ere, Brett Ashley, andereño ingelesa, eta Mike Campbell haren mutil-laguna, eskoziar alkoholiko eta porrot egindakoa. Haiek guztiak oso ongi ezagut daitezkeen pertsonaien irudiak dira. Talde barnean den harreman afektiboen eta lehiatsuen jokoak jai giroan punturik gorena hartzen du, baina, Parisko eszenatokiak giro zentzugabe patetikoa ematen dion bezalaxe, jaien eta zezenen fondoak tragedia, duintasuna eta garrantzia ematen dio. Iparra galduta batetik bestera dabilen esnob talde horren mikrokosmoa, "egiazko" errealitate sakonago baten abenturan sartuta, alde batetik erlatibizatu eta bestetik goretsi egiten da. Parisera itzultzen direnean, barne eta kanpo gatazka berberak daramatzaten arren, aldaturik egonen dira, askeago, duinago eta beren izateei aurre egiteko prestatuago.

Jake, narratzaile-protagonistak, Hemingwayren beraren zerbait badu. Izan ere, eleberriaren lehenbiziko zirriborroetan Ernest eta Hem izenez azaltzen da. Hemingway bera bezalaxe, Jake I. Mundu Gerrako frontean zauritua izan zen, ondorio larriagoak izan zituen arren: metrailak inpotente utzi zuen. Brettez sentitzen zuen maitasuna fisikoki ezin asetzea talde osora hedatzen den beste bizi-minusbaliotasun baten ikurra da, Parisko mundu "literario" dekadentearen arinkerian eta gogogabean nahasirik.

Hona hemen Eguzkia ere altxatzen da lanaren eraikuntzaren oinarria: pertsonaiek bizitoki duten gizatasunik gabeko Paris hutsalaren eta bidaian aurkituko duten Nafarroa "primitibo" alai, biziz beterik eta egiazkoaren arteko kontrastea. Badakigu Hemingwayk, hasiera batean, Sanferminei buruzko kontakizuna egiteko abiapuntua, Pablo Romero (egiazko Cayetano Ordóñez, "El Niño de la Palma") toreatzailearen gela zuela prestatua. Zerk bultzatu zuen Hemingway argumentua aldatzera? Zalantzarik gabe, jaiaren indarra gehiago nabarmentzeko beharrak, hasieran izaera aspergarri eta hutsaleko kapitulu luzeak aurretik jarriz, horien aldean Iruñeak, jaietan, aurkikuntza eta askapenaren efektua sorraraziko baitu.

Hemingwayk Iruñea estreinakoz 1923. urteko uztailean bisitatu zuen eta hurrengo urteetan hutsik egin gabe etorri zen. Gertrude Steinen aholkuari jarraituz bidaiatu zuen, hots, "lost generation" deitutakoak (Scott Fitzgerald, Ford Maddox Ford, John Dos Passos, Hemingway bera, besteak beste) zuen zaintzaileak gomendatuta eta bi gauza bilatuz egin zuen: zezenak eta arrantza. Lehenbiziko egonaldi horietako esperientzietatik (bereziki 1925ekotik, kontakizunaren hainbat gertaera eta pertsonaia ezagunak ordukoak baitira) atera zen The Sun Also Rises (1926), Oak Parkeko idazlearen lehen eleberri handia. Ordurako, Sanferminei buruzko hainbat erreportaje idatziak zituen Toronto Star-en, Europan haren korrespontsala baitzen, baita ipuin laburren zirriborroak eta izaera askotako oharrak ere. Baina behin betiko eleberria gauzatzea ez zen lan erraza izan. Hemingway oso idazle perfekzionista zen eta esaldi purtzilena ere behin eta berriz zuzentzeko grina zuen eta gertaerak fikzioan jartzearekin ez zuen nahikorik. Kazetari prestakuntza (eragin handia zuen bere estilo zuzen, labur eta zehatzean) eta epika berria bilatzen zuen sortzaile nahia nolabait ez zetozen bat. Kronika bat, berak ongi zekien hori, eleberri baten aldean oso bestelakoa da.

Hemingwayri sarritan egotzi izan zaio kontakizunak elementu sinbolikoz, aipu metaliterarioz eta irakurleek antzematen ez dizkioten eraikuntza egitura konplexuez betetzeko joera gehiegikoa. Gertaerak kontatzera (modan den bebaviourism ortodoxoenaren barnean) mugatzen diren kontakizun hotz eta objektibista diruditen horien azpian, bere lanetako deskribapenetan eta elkarrizketetan ikusten denetik harantz doazen esanahi bilduen oinarri sendoa dago. Eguzkia ere altxatzen da lanean nolabaiteko kulturalismotik hurbil dagoen ezkutuko inplikazio mordo hori begi bistakoa da. Berak zioen bezala, eleberrian iceberg bat egin nahi zuen, esan nahi denaren zati txiki bat baino ez erakutsita.

Horregatik, Eguzkia ere altxatzen da obran ezer ez da garrantzirik gabea. Ezta hasierako izenburua ere, The Sun Also Rises ("Eguzkia ere altxatzen da"), kontaturiko istorioaren hainbat gako hurbiltzen dizkiguna. Ez da kasualitate hutsa Parisetik Nafarroarako bidaia ekainaren 25ean, udako solstizio bete-betean, hastea. Zergatik hasierako lehen 9 kapituluetan ia aipatu ere egiten ez den eguzkia ondoko pasarteetan behin eta berriz agertzen da, nolabaiteko leit-motiv balitz bezala, bai Auritz bidean, bai Gazteluko Plazan, bai Donostiako Kontxan? Esan dezagun: izenburua Eclesiastés liburu biblikotik dator (1, 4-7), non ondokoa irakur baitaiteke: "Belaunaldi bat badoa, beste belaunaldi bat badator, artean lurra beti geldirik dago. Eguzkia ateratzen da, eguzkia sartzen da, arnasestuka bere lekura iristeko, eta handik berriz ateratzen da. Hegoaldera doa, iparraldera bira egiten du, bira egiten du berriz eta haizea dabil. Ibai guztiak itsasora doaz eta itsasoa ez da betetzen; doazen lekura iritsita, handik berriz hasten dira". Eclesiastések ia txotxolokeriak diren aforismo bilduma baino egiten ez badu ere, testuak Eguzkia ere altxatzen da ulertzeko funtsezkoak diren esanahi markak ikusteko aukera ematen digu: patuaren ezinbestekotasuna (pertsonaia guztiek badute nolabaiteko zoritxarra, beren izaeren, pasioen edo -Jaken kasuan- inpotentziaren menpe), bizitza berpiztuko delako esperantza ( Eguzkia ere altxatzen da eleberria purutasunaranzko erromesaldia da eta, era berean, askapen pertsonalekoa), existentziaren zikloak (Pedro Romero gazteak arrakasta lortzen du zezen-plazan Juan Belmonte, aurreko belaunaldiaren idoloa, gainbeheran hasten den bitartean), bizitza bera bide eta erromesaldi gisa (Bestela, zer beste adierazten dute protagonistaren izenak -Jake, hau da, Jakue-, Baionatik Pirinioan zehar egiten den Donejakueren bideak eta Orreaga agertzeak?). Horiek eleberrian ehunka adierazten diren ezkutuko xehetasun gutxi batzuk besterik ez dira.

"Hemingwayren ezaugarria ez da inoiz izan irakurleek hiztegian bilatu beharreko hitzak erabiltzea"
, William Faulkner-ek mespretxuki zioen hari buruz, Hemingwayeren estiloaren itxurazko sinpletasunaz ari zela -sinplekeria ez dena-. "Faulkner gaixoa" , erantzunen zion gure autoreak, "Benetan uste al duzu emozio handiak hitz handietatik datozela?" . Hona hemen "damned tragedy" den Eguzkia ere altxatzen da lanean diziplina zorrotzenaz agertzen den etika literarioaren aldarrikapena. Eleberrian hotsandiko esaldiak edota eszena hunkigarriak aurkitu nahiko lituzketenek iruzur egin zaiela sentitzen dute zeren adjektibo samurragoak nahiko bailituzkete, deskribapen luzeagoak eta tentsio une handiagoak hitz handiekin azpimarratuak. Hemingwayren etika literarioa, aitzitik, ahalik eta gutxiena eta modurik zehatzenean aurkeztean datza, irakurlea da istorioaren fondo epikoa aurkitu behar duena.

Eguzkia ere altxatzen da eleberriaren zurgintza narratiboa bi habitat ezberdin (Paris eta Iruñea) aurrejartzen dituzten eta aurrez aurre dauden bi alderen segidan oinarritzen da, bi bizimodu (artista deserriratuen mundu dekadentea eta jaiaren primitibismo ia idilikoa) eta bizitzari aurre egiteko bi modu (Robert Cohn barregarria bezalako morroien makurkeria Pedro Romero toreatzailearen kaparetasunaren aldean) ere aurrez aurre jarrita. Iruñeak eleberrian islatua agertzeko harrotasuna sentitzen ahal badu, (izan ere, uste den baino zehaztasun handiagoz), ez da bertan jaietako ohituren kronika fidel eta goraipenekoa egiten delako, baizik eta, kontakizunean zehar, leku sakratuaren maila hartzen duelako hasitako purifikazio erritua (XI. eta XII. kapituluak) Irati ibaiaren uretan arrantzan bete eta, azkenik, (XIX. kapitulua) Kontxako uretan, jaiaren ondoren berpizturiko protagonista bainatzen den tokian, sublimatu egiten baita.

Istorioaren puntu dramatiko gorena XVII. kapituluan biltzen da. Robert Cohn kaikuak Jake jo du jeloskortasun eszena patetiko batean, geroago Pedro Romerori eginen dion bezala. Entzierroan zezenak harrapaturik, Vicente Gironés tafallarra hil da, 'zapalduriko lokatzaren erdian, ahozpez zetzan" . Pertsonaia "nobleak" (Romero, Jake, Brett eta baita iruindar abegitsuak eta atseginak ere) oso ongi azalduta daude dagoeneko, baita beren aldetik, "doilorrak" ere (gainerako jendetza bisitaria, enbaxadore amerikarra). Hemingwayk orduan erabakitzen du paragrafo bakar batean bilduriko istorio guztiaren gakoa ematea, eta, jakina, zezenketari buruzkoa da: "Vicente Gironés hil zuen zezenaren izena Bocanegra zen, Sánchez Taberneroren ganadutegiko 118. zenbakia zuen, arratsalde hartan zezen-plazara atera zen hirugarren zezena izan zen eta Pedro Romerok hil zuen. Horrek, jendetzak aldarrikatuz, belarria jaso zuen eta, orduan, Bretti eskaini zion, hark nire zapian bildu zuen eta, Muratti zigarrokin mordo batekin batera, guztia, belarria eta zapia, utzi zuen Iruñeko Montoya Hoteleko ohearen ondoan zegoen mahaitxoan".

Hona hemen zeremonia osoa. Lehendabizi, animalia sakratua; ondoren, biktima; geroago, Pedro Romero, liturgia salbatzaile handiaren apaiza. Jarraian, zezenaren belarria agertzen da, objektu sakratu gisa, jarraitzaile fidelek emana ("jendetzak aldarrikatuz") eta, era berean, Romerok Bretti emana, mundu berriaren parte delako agiri moduan. Baina Jake ere hor dago, bere zapiaren bidez adierazia, eta hori guztia, azkenik, hoteleko mahaitxoan gelditzen da. Irakurle argiak, orduan, itxuraz hutsegite estilistiko bat atzematen du, ekonomia arautzat duen idazle batengan ulertzen ez dena: Zer dela eta esaten da hotel hori Iruñean zegoela, guztiok dakigunean dena hirian gertatzen dela? Oso erraza da: zeren Iruñeak nahitaez agertu behar baitu egiaren zirkuluaren barnean, zirkulua itxiz, Eguzkia ere altxatzen da obra den bizitzaranzko erromesaldiaren hiri sakratu bihurtuz.

Bill eta Jake Parisko taxidermista baten erakusleihoan ikusten ari diren animalia disekatuen aldean, zezen basatiak Iruñeko kaleetan korrika; bezeroak soilik diruagatik zerbitzatzen dituzten Frantziako zerbitzarien mizkinokeriaren aldean, baserritarren eskuzabaltasuna, Auritzerako autobusean adiskidetasunez beren sahatoetako ardoa partekatzen (" Euskaldun hauek jendemodu aparta dira ", esanen du Bill Gortonek); Robert Cohn gizatxarraren makurkeriaren aldean, Pedro Romero gaztearen kaparetasuna, Brett bere ausardiaren armekin itsutzen duena; Paris den "hiri higuingarri"ko paisaiak (Notre Dameko katedrala, ukitu beldurgarriz deskribatuta) hondatzen dituen gaueko iluntasunaren aldean Pirinioetako eta Gazteluko Plazako argitasuna. Eta kontraste joko segida horren ondorioz (azken finean "zibilizazio" eta "natura"ren arteko liskar zaharraren beste bertsio bat baino ez dena, Hemingwayk beti bigarrenaren alde ebazten duena), bizitzaren irakaspena ateratzen da.

Eguzkia ere altxatzen da asmo handiko eleberria da, exigentea eta sendoa, bizitako experientziaren eta diziplina literarioaren emaitza. Hemingwayren beste lan askotan bezalaxe, eztabaidan jar daiteke irakurlearen eta idazlearen arteko komunikazioa osatzen den idazleak sortutako icebergaren zati txikia soilik erakusten duenean. Baina horrek ez ditu lan handiak baliogabetzen eta, inolako dudarik gabe, Eguzkia ere altxatzen da lan handi horietako bat da .



© Kukuxumusu

Tecnología de Xarelan