SANFERMIN.COM
Unetxoak

José Antonio Iturri Fernández

"Unetxoa inork ez du jakinen ez margotzen ez idazten. Nik ezta ere". Miguel Javier Urmenetak -Mikel eta Asisko Urmenetaren aita eta Iruñeko alkate ohia- Crónica de los Sanfermines (Sanferminen Kronika) bere liburuan utzi zuen hori idatzita. Iruñeko jaien adorea eta argi-ilunak ulertzeko ezinbestekoa da testu ederrez beteriko liburu hori. Urmeneta, jakina, Sanferminen hiri honetan sendotasuna, ospea eta tradizioa lortu zituen lehenbiziko uneaz ari zen. Udalaren adeitasun zeremoniotsuaz ari zen, uztailaren zazpian, San Fermin bere kaperako itzalean utzi ondoren, Apezpikua eta Elizaren ordezkariak laguntzen dituelako katedralaren atarietaraino. Batez ere kolore eta zaraten nahaste misteriotsuaz ari zen, ezkilen zalaparta ikusgarriaz, erraldoi dantzariez, musikez, eguzki-galdez, soingainekoez, kapela garaiez, luma apaingarriez, gaitez, isilunez eta eguerdiko une horretan Curia kaleko konkor gainean gertatzen diren gainerako gauzez, alegia.

Eta unetxo bat idaztea edo margoztea ezinezkoa bada, hori ez da ezer hemengo jendearen grinak Sanferminetan zintzotasun arraro eta bereziz asmatzen dituen unetxo mordoei aurre egitean burua nola aldrebesten den ikusiz alderatuz gero. Hemen, norbaitek, izpi misteriotsu bat aurkitzen duenerako, San Ferminen urre eta zilarren gainean islatzen den zeharkako argi bat, edo, besterik gabe, Alde Zaharreko ertz batean ileorde zurien uhina ikusten badu, unetxo hari heltzen dio eta beti-betiko une horretan -unetxo horretan- eta leku horretan etorkizuneko belaunaldiei zirrara eman diezaien uzten du.

Unetxoetan denetarikoa izaten da: koloreak, soinuak, burrunbak, gorputz dardarak, ametsak, zeharrargiko begiradak, hainbaten faltaren oroimena, santu baten aurpegi beltza, erraldoi baten gonaren uhina adokinak zorabiatuz eta negar malkoren bat edo beste. Guztiak balio du, baldin eta zentzuak gainditu eta sentimenduen lurralde anbioguoetan finkatzen bada. Balio du sorbeltz talde batek zeharkako hegaldiez eta garrasiez Kale Nagusia luzatzeak, edo eguerdiko aire epelean jota bat zintzilik gelditzeak, edo haur batek San Fermini lore sorta bat eskaintzeak txistuek santuari "agur jaunak" jotzen dioten artean, edo Txantreako Santiago abesbatzakoek "Al glorioso San Fermin" sendo eta eraginkor hori abesteak...

Sanferminetako misterioen exegeta ospetsuenek beti kokatzen dituzte unetxoak San Ferminen prozesioaren inguruan eta, betiere, inoiz ez makulu eta elizkizunetatik urrun. Esaten dute unetxoek azalpen logikorik ez dutela eta emozio-lotura ugari dituztela, erlijio kontuei dagokien bezala. Hala ere, beste aztertzaile askok diote debozio bakarra jaia den une eta erritu askotan aldartearen dardarak eta grinez beteriko emozioak izaten direla. Batzuei, esaterako, arima zatitzen zaie La Pamplonesak uztailaren zazpiko egunsenti urdintsuan diana jotzen duenean; beste batzuek, aldiz, labanak eztenkatuko balizkiote bezala sentitzen dute turutak eta atabalak entzutean arratsalde biribil eta argitsuan lehenbiziko zezena agertzen denean. Eta bihotza uzkurtzen zaie kohete horiek Iruñeko kaleetan zehar zezenak solte dabiltzala iragartzen dutenean edo ezinbestean negar egiten dute gaitak eta erraldoiak aurkitzean.

Sanferminetako erloju aldatuetan agian unetxoak izanen dira jai denboraren zatiketa onargarri eta baliagarri bakarra. Agian jaia definitzeko modu bakarra izanen dira. Zeren, azken buruan, zer beste dira San Ferminak gertakari batzuek arrazoi zehazgabe eta misteriotsuengatik sorturiko gozamen labur, iragankor eta emozio sendoz beterikoak baino? Dena dela, kontu korapilatsu horretan -zuek badakizue zer zailtasun dituen emozioak paper batean finkaturik uztea-, hainbatek unetxoak finkatu eta programa baten barruan sartzeko duten premia da ulertzen zailena. Baten batek horrela aginduko baligu bezala da: orain zirrara sentitu beharra duzu.

 


© Kukuxumusu

Tecnología de Xarelan